«Ehuneko ehunean egon ez arren, etxera dominarekin itzultzea espero dugu»

Ibartarrak hirugarrenez hartuko du parte Olinpiar Jokoetan; Atenasen urrezko domina irabazi zuen, eta Pekinen, zilarra; Volvo Ocean Race proban parte hartu, eta ia atsedenik hartu gabe Londresera abiatu dira Xabi Fernandez eta 49er sailean bere bikotekidea den Iker Martinez hondarribitarra; «nekatuta» daude, baina domina irabazteko «gogoz».

Xabi Fernandez Nabigatzailea

Bere aitarekin eta anaiarekin hasi zen arraunean. Txirrindularitzarekin ere ausartu zen, Iker Martinezek 49er ontzien sailean berarekin bikotea osatzeko proposatu zion arte. Urte batzuk geroago, 2011n nabigatzaile onenari saria eskuratu du bikote honek. Azken egunetako minak eta lesioek egun txarrak igaro arazi badizkiote ere, Xabi Fernandez (Ibarra, 1976) «gogotsu eta ilusioz beterik»  dago, eta Londresen euren hirugarren domina lortzea baino ez du buruan.
Zer esanahi du zuretzat Londresen lehiatzeak?
Olinpiar Joko batzuetan parte hartzea gauza handia da. Arraunketa desberdin bat da, oso garrantzitsua, eta gauza asko daude jokoan. Horregatik, ilusioz beterik gaude.
Volvo Ocean Race proba bukatu eta atsedenik hartu gabe Londresera joan zarete. Fisikoki nola zaudete?
Proba duela bi aste bukatu zen, beraz, nabari da ez gaudela ehuneko ehunean. Volvo Ocean Race proba oso gogorra izan da, eta nekatuta gaude, beraz, zaila izango da, baina gu saiatuko gara.
Gainera, Olinpiar Jokoetan beste ontzi batekin lehiatuko zarete. Ez al duzue denbora gutxi izan ontzira egokitzeko?
49er klaseko ontzi txiki hauetan 14 urte daramatzagu nabigatzen Ikerrek eta biok, eta horrek esperientzia handia eman digu. Baina, egia da aldaketa handia dela. Beraz, gure txanda iristen denera arte entrenatzen ari gara ahal dugun guztia. Gainera, pasa den urtetik lan handia egina genuen, eta ontziak-eta prestatuta genituen.
Lesioak ere izan dituzue. Zu, esaterako bizkarreko minez egon zara. Errekuperaturik al zaude?
Gorputzaren nekearen ondorioz lesio eta min txikiak sortzen joan zaizkigu, eta hori ere nahikoa traba izaten ari da gure entrenamendurako. Bizkarreko mina izan nuen, eta hori baretu zen, baina, okerrena zera da, dortsalean zuntz-etendura txiki bat dudala.  Hori errekuperatzea ez da oso erraza, eta egun batzuk geldirik egon beharra izan dut. Etendura, dena den, oraindik hor dut, baina arraunketa hasteko egun batzuk geratzen dira, eta egun horiek   errehabilitazioan emango ditut, eta ahal dudanean, nabigatzen. Hor ari naiz, beraz, guztia erlojuaren aurka egiten, gure txanda iristen denerako prest egoteko.
Datorren astelehenerako erabat errekuperaturik izango zarela uste al duzu?
Errekuperatuta egotea espero dut. Ehuneko ehunean, ziur ez naiz egongo, erabat sendatzeko ez baitut nahikoa denborarik izango. Beraz, lasaigarriak hartuz ibili beharko dut. Pixka bat sufritzea tokatuko zait aste honetan.
Animoz, berriz, indartsuago al zoaz?
Gogotsu goaz, eta hori da garrantzitsuena. Joko hauetarako prestaketa ez dugu oso ohikoa izan, berriki ontzi handietan nabigatzetik baikatoz. Baina, era berean, horrek freskotasuna eta gogo handia eman digu arraunketa honetarako. Beraz, galtzeko gutxi dugu, ezin baita gehiegi espero gainean dugun nekearen ondorioz, eta irabazteko berriz, asko. Gainera, ez dugu ahaztu behar Volvo Ocean Race proban parte hartu eta gero, 2010eko munduko txapelketa guk irabazi genuela, beraz gauza bera gerta daiteke.
Aurreko bi jokoetan dominarekin itzuli zarete. Horren ondorioz, presioa handiagoa al da?
Bai. Guk gure buruarekiko dugun presioa handia da. Lan ona egin nahi dugu, eta ahal bada domina etxera eraman. Hori da gure helburua. Lortzen badugu oso pozik joango gara etxera, eta ez badugu lortzen, penaz joango gara, baina badakigu helburu oso zaila dugula jarrita.
Aurkariak ezagutzen al dituzue?
Ia gehienek ezagutzen dugu elkar. Maila handia dago, aurkari gogorrak dira, eta ezagutzen ditugu gure aurkari zuzenak direnak.
Nola izango da zuen parte hartzea?
Hilaren 30ean hasten gara gu, eta abuztuaren 8ra arte ariko gara. 16 arraunketa saio izango dira, eta horietan lortutako puntuen arabera erabakiko dira irabazleak.
Zaleen babesa horrelako uneetan garrantzitsua izango da, ezta?
Jendea gurekin dago, eta jende asko dagoela guk egiten dugunari begira uste dut. Guk espero dugu ondo egitea bai guregatik, bai eta zaleengatik ere. Babes mezu ugari jasotzen ditugu. Esaterako, nire lesioengatik une zailak igarotzen ari naizenez, jende askok adierazi dit babesa eta galdetu du ea ondo nagoen. Iruditzen zait Euskal Herrian jende askok jarraituko duela gure parte hartzea, beste euskaldunena bezala. Jendearen babesak asko pozten gaitu eta indarra ematen digu, asko eskertzen dugu.
Inaugurazio ekitaldian Espainiako bandera ematea egokitu zitzaizun, baina ezin zenuela parte hartu esan zenuen.
Palmaresarengatik, Rafa Nadalen lekua guk bete behar genuen, baina, guk ezinezkoa zitzaigula joatea argudiatu genuen. Dena den, nik ez diot inolako garrantzirik ematen kontu horri.
Dotorea iruditzen al zaizu Espainiako selekzioaren jantzia?
Herrialde bakoitzak edo norbaitek erabaki behar du ze arropa eraman, eta nire ustez, kirolariok ez gaude hori kritikatzeko. Badirudi kirolari askok denbora libre ugari duela, ze ni ez naiz pentsatzen jarri polita edo itsusia den. Berdin zait, jantzi egin behar dugu, eta kitto.
Olinpiar Jokoak hasi baino egun batzuk lehenago amaitu duzue Volvo Ocean Race proba. Hura irabaztear izan zarete, baina azken unean guztia hankaz gora jarri zitzaizuen.
Pena handia sentitzen dugu. Irabazteko kokapena izan dugu ia proba osoan, eta azken hilabetean gauza asko okertu zen. Azkenean, laugarren amaitu dugu. Ez gaude pozik, baina, behintzat, proba oso gogorra izan dela kontuan hartuta, lan ona egin dugunaren sentsazioarekin geratu gara.
Luzaroan ikusiko zaitugu ontzi gainean?
Oraingoz, bai. Gainera, baditut proiektu edo gauza gehiago, baina ikusiko dugu zer ateratzen den.

 

Xabi Fernandez eta Iker Martinezen proben egutegia
Uztailak 30, astelehena. 49er klaseko 1. eta 2. lasterketak: 13:00.
Uztailak 31, asteartea. 49er klaseko 3. eta 4. lasterketak: 13:00.
Abuztuak 1, asteazkena. 5. eta 6. lasterketak: 13:00.
Abuztuak 2, osteguna. 49er klaseko 7. eta 8. lasterketak: 13:00.
Abuztuak 3, ostirala. 49er klaseko 9., 10. eta 11. lasterketak: 13:00.
Abuztuak 5, igandea. 12. eta 13. lasterketak: 13:00.
Abuztuak 6, astelehena. 49er klaseko 14. eta 15. lasterketak: 13:00.
Abuztuak 8, asteazkena. 49er klaseko dominen borrokarako lasterketa jokatuko dute. Aurreko saioak ez bezala, 14:00etan hasiko da azkena.

Gaurko eskaintza
argazkia
Zaldiak jatetxea
20,00 €

deskontua

%50

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)