Xabi Fernandezen ontziak laugarren amaitu du

Xabi Fernandezen munduaren itzulia atzo goizaldean amaitu zen, Volvo Ocean Race bela probaren bederatzigarren etaparekin batera. Ibartarraren ontzia, Telefonica, laugarren sailkatu zen, bai etapan eta baita sailkapen nagusian ere. Orain Olinpiar Jokoen txanda izango da, Xabi Fernandez eta Iker Martinez Londresen egongo baitira, urrezko dominaren lehian.
Lau egun Galwayn
Volvo Ocean Race amaitu bezain pronto, Xabi Fernandezek probaren balantzea egin zuen: «Partida osoan aurretik joan garenaren sentsazioa daukagu, gero luzapenean galtzeko. Munduari emandako itzuli honen ondoren,  gauza askorekin gelditzen naiz; fin aritu gara lanean, denbora luzez eta lantalde bikainarekin. Brasilera iritsi bitartean, dena bikain joan da, eta gero okertzen hasi dira gauza. Ulertzea ere zaila da eskuetatik egoerak nola alde egin digun».
Probaren azken etapa lehiaren parekotasunaren isla izan zen. Lehen lau ontziak hamazazpi minuturen aldearekin iritsi ziren Irlandako helmugara. Telefonica ontziak, Volvo Ocean Racen bezala, aurrea hartu zuen hasieran. Ondoren, ordea, Puma eta Groupama ontziek gainditu zuten. Egindako lanarekin gustura agertu ziren Telefonica ontziko itsas gizonak, eta kiroltasunez jokatu zuten etaparen amaieran, garaileei zorionak emanaz: «Groupamak merezita irabazi du, lan bikaina egin baitute. Hasieran, kosta egin zitzaien lehian sartzea, baina aspaldi esan genuen eurak izango zirela etsai gogorrenak».
Etapa guztietako denbora kontuan hartuz gero, Telefonica izan da azkarrena, baina puntuen araberako lehia denez, laugarren postuan amaitu dute Xabi Fernandez eta bere kideek. Orain, lau eguneko atsedenaldia hartuko dute Galwayn. Ondoren, puntuagarria ez den azken proba jokatuko dute, Irlandako kostaldean. Behin hau amaituta, sari banaketa ekitaldia egingo dute.

Sailkapenak
Azken etapa
1. ‘Camper with Emirates’. Egun bat, hamahiru minutu eta 40 segundo.
2. ‘Groupama sailing team’. Zazpi minutura.
3. ‘Puma Ocean Racing by Berg’. Hamahiru minutura.
4. ‘Team Telefonica’. Hamazazpi minutura.

Orokorra
1. ‘Groupama sailing team’. 226 puntu.
2.  ‘Puma Ocean Racing by Berg’. 220 puntu.

3. ‘Camper with Emirates Team New Zealand’
4. ‘Team Telefonica’. 209 puntu.

Gaurko eskaintza
argazkia
Zaldiak jatetxea
20,00 €

deskontua

%50

Gipuzkoako Ostalaritza Gida

Bilatu zure inguruko sagardotegia

Berriketan.info

Viewing item 1 to 5 (of 5 items)